XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

SARRERA Oroitza-txosten honen argitalpenarekin eta zabalpenarekin II. Euskal Mundu-Biltzarreko Idazkaritza Orokorrak burututzat emango du bere egitekoa.

Atzean geratzen dira fase desberdinetan lan eginez emandako ia hiru urte, hasierako diseinu eta antolaketako lanekin hasi, pasa Biltzarra ospatu garaiko egun gorabeheratsuetatik, eta proiektua osatzen zuten hogeitamalau Kongresu monografikoetako bakoitzean aurkeztutako txosten eta komunikazioen argitalpen eta zabalpenarekin bukatuz.

Irakurleak antzemango dionez, Kongresu desberdinetako Batzorde Antolatzaileek egindako balorazio-txostenei eman zaie protagonismorik handiena.

Hori izan bait da hasieratik bertatik egindako planteamenduen jokamoldea, alegia Batzordeoi ematea Kongresu bakoitzaren barneko edukinari buruzko erantzukizun zientifikoa.

Era berean, eranskinetan sartu ditugu Biltzarraren inguruan ospatutako ekintza desberdinetan emandako funtsezko hitzaldiak nahiz Biltzarraren Idazkaritzako bertako barne-dokumentu aipagarrienak, eta horiek balio dezakete Biltzarrea hotsegitean burutan hartutako helburuak, egindako aurrikuskizunak, gure antolaketa-modu jakina, etab. zeintzuk izan diren argitzeko eta deskribatzeko.

Gainerakoan, Biltzarraren fase desberdinen deskribapen labur bat eta beroni buruzko balantze estatistiko-ekonomiko bat ere ematen da oroitza-txostenetan.

Ez da batere erraza Biltzarraren balorazio-balantze orokor bat egitea, egituraz oso konplexua bait da eta efektuak neurtzen zaila, efektu horietako batzuk, beharbada, epe luzera bakarrik atzeman ahal izango direlarik; zentzu horretan, txosten hau berez partziala da, eta aurreragorako uzten du Biltzarraren ospatzetik erator daitezkeen fruituen azterketa, batez ere Zientziaren, Teknikaren eta Pentsamenduaren disziplina desberdinetako ikerketa oinarrizkoa nahiz aplikatua bultzatzeko eta sustatzeko kontutan, lan horrek berebiziko garrantzia bait dauka Herri honen etorkizunaren eraikuntzan.

Espero dut emaitzen arteko lehen fruitu heldua Erakunde berri baten sorketa izango dela, horren bitartez gaur egun zentzu horretan egiten ari diren ahalegin guztiak integratuz, beroien aprobetxamendu hobea ahalbidetzeko eta beste iharduera berriak bultzatzeko organo izan dadin, beti helburua jarriz euskal gizartearen ongizate sozialaren eta ekonomikoaren hobekuntzan.

Nire aldetik, ez zait agurra eman besterik gelditzen, espero izanez bere garaian eman zitzaidan erantzukizunari ondo erantzungo niola; saiatu naiz behintzat ahalegin eta lan guztiak egiten.

Idazkari Orokorraren buru bezala pasa dudan denborari errepasoa egiterakoan esan behar dut pozak izan ditudala nekeak baino gehiago, baita ezaugarri hauetako proiektu batek lanean sortzen dituen presio-egoera ugariak kontutan hartuta ere.

Bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkiot Jose Antonio Ardanza lehendakariari, neri Biltzarraren zuzendaritza ematearekin erakutsi zidan konfidantzagatik, honek, jakina, berriro inoiz izango ez dudan aukera eman bait dit nire ibilbide profesional nahiz gizatarrean; nire eskerrona luzatzen diot, berebat, Jon Imanol Azua Gobernuko Lehendakaritzaren Idazkariari, honek ere bere konfidantza berreman eta Biltzarraren antolaketaren azken fasean ordainezineko laguntza eskaini didalako.

Eskerrak, era berean, fasealdi desberdinetan Biltzarraren Idazkaritzan lan egin duten pertsona guztiei ere, horien profesionaltasunik eta dedikaziorik gabe, alderdi guztietatik begiratuta (...).